BEEPE proiektuaren bidez NextGenerationEU funtsek finantzatuta, ekimen hau uraren digitalizaziorako maila nazionaleko hirugarren proiektu onena izateagatik nabarmentzen da, 238 hautagaien artean. Horrez gain, Gipuzkoan hautatutako bakarra da.
Teknologia uraren zikloaren zerbitzura
Txingudi Data Driven Bay proiektuaren helburua Txingudiko eskualdean uraren kudeaketa modernizatzea da, digitalizazioa eta teknologia aurreratuak erabiliz. Sentsoreak instalatuta eta Big Data eta adimen artifizialaren bidezko datuen azterketak eginez, proiektuak uraren hiri-zikloa optimizatuko du denbora errealean. Horrek ekoizpena eskarira doitzea, ihesak gutxitzea, uholdeak murriztea eta uraren zein saneamendu- eta drainatze-sareen kalitatea hobetzea dakar
TD2B proiektuan, funtsezko alderdi bat, erabakiak hartzen laguntzeko tresna baten garapena da, Machine Learning izenekoan oinarritua. Irtenbide hori kode irekian egongo da erabilgarri eta, berau erabiliz, kudeatzaileek aukera izango dute arazoei aurrea hartu eta baliabideak optimizatzeko, Txingudiko Zerbitzuak-i mesede egiteaz gain, uraren arloko beste operadore batzuei ere onura eginez.
Konpromiso jasangarriari aitortza
Leire Zubiturrek, Txingudiko Zerbitzuak sozietateko gerenteak, mugarri hau txalotu du, Irungo alkate Cristina Labordarekin eta Hondarribiko alkate Igor Enparanekin batera. "Gipuzkoan hautatutako proiektu bakarra eta maila nazionalean hirugarren proiektua izateak ur eraginkor eta jasangarriaren kudeaketarekin dugun konpromisoa islatzen du", adierazi zuen Zubiturrek. Labordak zera gaineratu zuen: "Gure herritarren bizi-kalitatea hobetzeko abagunea da"; bestalde, Enparanek zera nabarmendu zuen: "BEEPE proiektuaren babesak urarekin etorkizun arduratsuago bat izateko gure eginahala indartzen du".
Inbertsio honekin, Txingudiko Zerbitzuak sozietateak uraren digitalizazioan erreferente modura duen kokapena indartzen du, BEEPE proiektuaren 2030 Agendaren helburuekin lerrokatuz.