Txingudi Data Driven Bay proiektuak BEEPE proiektuaren eskutik jasotako 5,5 milioi euroko dirulaguntza txalotu du

  • Gaur goizez, Lire Zubitur gerenteak, Cristina Laborda Irungo alkatea eta Igor Enparan Hondarribiko alkatea alboan zituela, prentsaurrekoa eskaini du ekimen aitzindari honen xehetasunak partekatzeko.

Txingudiko Zerbitzuak sozietatearen Txingudi Data Driven Bay (TD2B) proiektuak arrakastak pilatzen jarraitzen du. Duela zenbait aste iragarri zen moduan, 5,5 milioi euroko dirulaguntza jaso du NextGenerationEU funtsek finantzatutako uraren zikloaren digitalizaziorako BEEPE proiektuaren bigarren deialdian.

TD2B proiektuak, Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak (TEEDMI) hiru proiektu nazional onenen artean nabarmendua, eskualdean uraren kudeaketa eraldatuko du hainbat teknologia erabiliz, esate baterako, Big Data eta adimen artifiziala. Dirulaguntzak uraren zikloaren osoko digitalizazioa hauspotuko du, eraginkortasuna hobetuz, galerak gutxituz eta herritarrentzat zerbitzu jasangarri bat bermatuz.

Cristina Laborda eta Igor Enparan harro agertu ziren aitortza honekin, eta eskualdean izango duen inpaktu positiboa azpimarratu zuten, Txingudi uraren berrikuntzan erreferente modura sendotuz.