Txingudiko Zerbitzuak bultzatutako Txingudi Data Driven Bay (TD2B) proiektua uraren digitalizaziorako hiru proiektu nazional onenen artean hautatua izan da, 2023ko BEEPE proiektuaren bigarren deialdian. Trantsizio Ekologiko eta Erronka Demografikorako Ministerioak (TEEDMI) ematen duen aitortza horrek 5,46 milioi euroko dirulaguntza du altzoan, Europar Batasunaren NextGenerationEU funtsek finantzatuta. Aurkeztutako 238 proposamenen artean 100 puntutik 82 puntu lortuta, TD2B proiektua Gipuzkoan hautatu duten proiektu bakarra da, eta erreferente bilakatu da uraren kudeaketa jasangarriari dagokionez.
Txingudi Data Driven Bay proiektuaren helburua Txingudiko eskualdean uraren hiri-zikloa eraldatzea da, digitalizazioa eta teknologia aurreratuak erabiliz. Sentsoreak, Big Data eta adimen artifiziala erabiliz, proiektuak uraren kudeaketa optimizatuko du denbora errealean: hautematetik hasi eta saneamendura arte, hornidura eta arazketa ere barne hartuz. Horrek ekoizpena eskarira doitzeko, ihesak gutxitzeko, uholdeak murrizteko eta uraren zein hiriko drainatze-sareen kalitatea hobetzeko aukera emango du
Berrikuntza uraren eta herritarren zerbitzura
TD2B proiektuaren muina erabakiak hartzen laguntzen duen tresna bat da, Machine Learning eta adimen artifiziala oinarritzat dituena, kode irekian diseinatua. Txingudiko Zerbitzuak irtenbide horren onuradun izateaz gain, uraren beste operadore batzuentzat ere erabilgarri egongo da, teknologia aurreratuetarako irisgarritasuna demokratizatuz. Bere abantailen artean eredu iragarleen bidez arazoei aurre egiteko gaitasuna nabarmendu behar da, baliabide baliotsuena modurik eraginkor eta jasangarrienean kudeatzeaz ziurtatuz: ura.
Irungo alkateak, Cristina Labordak, lorpena txalotu zuen: "Gure proiektua maila nazionalean ondoen baloratutako hirugarrena izateak, eta Gipuzkoan hautatutako bakarra izateak, bere kalitatea eta garrantzia islatzen ditu. Urrats irmoa da uraren sistemen erabateko digitalizaziorantz, gure herritarrentzat zerbitzuaren eraginkortasuna eta kalitatea hobetuz: Bestalde, Hondarribiko alkateak, Igor Enparanek, ekimen honen garrantzia azpimarratu zuen: "BEEPE proiektuaren babesak datuak eraldatu eta ezagutza lortzeko aukera ematen digu, uraren erabilera eraginkorra bermatuz eta bere ingurumen-inpaktua murriztuz, bere kontserbaziorako funtsezkoa den une batean".
Beste urrats bat Txingudiko Zerbitzuak-en digitalizazioan
Leire Zubitur, Txingudiko Zerbitzuak sozietatearen gerenteak, erakundeak berrikuntza arloan jorratutako ibilbidea nabarmendu zuen: "2009ko ERLEA proiektuaz geroztik, digitalizazioaren alde egin dugu jasangarritasunerako funtsezko tresna modura. Dirulaguntza hau lagungarri zaigu 2026rako uraren ziklo guztiaren eraldaketa digitala osatzeko gure helburuari so, laguntza hau izan gabe prozesu hori burutu ahal izateko hamarkada bat beharko genuke". Proiektuak Eragiketen Zentro Adimentsu baten sorrera dakar berekin, eta 62 jarduketa barne hartzen ditu, esate baterako, plan gidariak eguneratzea, energia-efizientzia hobetzea eta datuen jakinarazpenean gardentasuna hobetzea.