Dron bidezko Amuteko kolektorearen gaueko ikuskapena itsasoko ur-infiltrazioak detektatzeko

Saneamendu sistemaren digitalizazio eta hobekuntzarako ESEPE proiektuaren baitan, dron bidez Amuteko kolektorean gaueko ikuskapen bat egin da itsasgoraldien garaiarekin bat eginez, sarearen portaera hidraulikoa aztertzeko eta itsasoko ur-infiltrazio posibleak identifikatzeko helburuarekin.

Jarduera irailaren 9an, 23:30ean, gauzatu zen, Uliazpi eta Amute arteko zatian eta gutxi gorabehera 1.000 metroko tartea ikuskatu ziren. Gaueko ordutegia eta itsasgora maximoaren unea hautatzea irizpide teknikoetan oinarritu da, izan ere, baldintza horiek aukera ematen baitute saneamendu sarean kanpoko uren sarrera zehaztasunez antzemateko.

Dronak eta kamera sistemak erabilita, ikuskatzea zaila den kolektore tarteetara iritsi daiteke, eta horrek azpiegituren egoera hobeto ezagutzea eta mantentze lanak modu eraginkorragoan planifikatzea ahalbidetzen du.

Ekintza hauek ESEPE proiektuaren estrategiaren barruan kokatzen dira, saneamenduaren kudeaketa digitalizatu eta prebentiboagoa bultzatzeko helburuarekin. Horren bidez, sarearen kalitatea hobetzen da eta ingurumen-eraginak murrizten dira, bereziki Plaiaundi bezalako ingurune sentikorretan.